Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Aurizberriko liburutegiak jaso du 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien proiektu onenaren Maria Moliner Sari Nazionala

2017/02/08

Astean behin, liburuzainak lau ibilbide ezberdin egiten ditu, adineko erabiltzaileen baserri eta etxebizitzetara, zaharren egoitzara eta inguruko udalerrietako ikastetxeetara liburuak eramateko.

Aurizberriko liburutegiak (Erro, Nafarroa) jaso du gaur goizean irakurzaletasuna bultzatzeko proiektu onenaren saria 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien artean, "Pentsatu orokorrean, jardun tokian. Pirinioetan kultura dinamizatzeko ibilbideak" izenburua duen lanarengatik; nazio mailako hiru proiektu onenen artean aukeratu dute. Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa izan da sari-banaketaren buru.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioak eta Coca-Cola Fundazioak bultzatu dute kanpaina hori, eta epaimahaiak nabarmendu du "inplikazio-maila handia duela proiektuak zerbitzatzen duen landa-inguruneko komunitatearekiko, eta adin guztiei zuzendutako jarduera aukera zabala; liburuzainaren lana meritu handikoa dela aitortzen du, sakabanatuta dagoen biztanleriara hedatzen baititu bere zerbitzuak eta gertuko beste eremu batzuetako erabiltzaileak erakartzen".

1998an sortutako kanpaina horrekin, Ministerioak bere babesa eta begirunea erakusten die 50.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako 300 liburutegiri, eta 150 liburuko sortarekin saritzen ditu. Hain zuzen ere, Nafarroako liburutegiek bultzatutako beste bederatzi proiektu ere aukeratu zituzten. Baina 300 proiektu horietatik, hiru liburutegitakoak bakarrik aukeratzen dituzte beren kategoriako onenentzat; horrela, liburu sortaz gain, Coca-Cola Fundazioaren 12.000 euro jaso dituzte; Aurizberriko (Nafarroa), Cabanillas del Campoko (Guadalajara) eta Armillako (Granada) liburutegiak, hain zuzen ere, izan dira sariak, udalerrien biztanle kopuruaren arabera, ezartzen dituen hiru kategorietako irabazleak: 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietakoak; 5.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietakoak eta 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerrietako proiektuak.

Coca-Cola Fundazioko zuzendari Juan Jose Litran jaunak eman dio saria Maria del Mar Agos Diaz liburuzainari; honek eskerrak emateko hitz batzuk esan ditu. Kategoria bakoitzeko hiru proiektu onenen sariak banatu ondoren, Juan Jose Litran Coca Cola Fundazioko zuzendariak hartu du hitza eta, jarraian, Juan Avila Frances Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioko idazkari nagusiak. Amaitzeko, Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak egin du mintzaldia. Ekitaldian izan dira Asun Maestro Liburutegi Zerbitzuaren zuzendaria Departamentuaren ordezkari gisa, eta Martin Saragüeta, proiektua abiarazi zuen liburuzaina ere.

Irakurketa bultzatzeko proiekturik onena, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan

Aurizberriko Liburutegiaketxez etxe liburuak maileguz emateko zerbitzua eskaintzen du, besteak beste; 1997an abiarazi zuen proiektu hori. Aezkoa, Artze, Erro, Luzaide, Auritz eta Aurizberriko 400 erabiltzaile baino gehiago dira beren baserrietan bertan liburuen maileguaz gozatzeko pribilegioa dutenak. Hamazazpi urte baino gehiagoz martxan dagoen zerbitzu horren helburua da geografiko oso sakabanatuta dagoen eta biztanle zaharkitua duen eremu batean Liburutegiaren zerbitzuak erabiltzeko modua erraztea.

Norbanako erabiltzaileen etxebizitzez gain, bestelako kolektibo batzuei ere ematen die zerbitzua proiektu horrek; udalerrietako ikastetxeei, Irati Irratiari eta Amma Ibañeta zaharren egoitzari, esaterako. Talde horiek aukera dute 50 ale batera hartzeko, bai eta ikus-entzunezko 25 euskarri edo beste horrenbeste aldizkari ere. Liburutegiak ibilbide batzuk ezarri ditu eta, astean behin, liburuzainak lau ibilbide egiten ditu udalerri bakoitzera liburuak eramateko; guztira, 250 kilometro egiten ditu hilabetean.

"Liburutegi soziala" proiektuaren barruan sartzen dira ibilbideok. Liburutegiak beste ibilbide edo arlo batzuetan ere lan egiten du: "Berrikuntza eta liburutegiak": erabiltzaileekin harremanetan egoteko modu berriak hartzen ditu barne, hala nola irakurketa digitaleko aplikazioak edo ideia eta iradokizunen panela; "Kultura- eta arte-dinamizazioa", eta "Tokiko memoria", Pirinioetako nortasun kulturala sustatzea helburu duena, hainbat jardueraren bitartez, bertako egileen hitzaldien edo "Pirinioak, Europako atea" intereseko zentroaren bitartez, besteak beste.

Aukeratutako Nafarroako beste zortzi proiektuak

Saritutakoaz gain, irakurketa bultzatzeko Nafarroako beste zortzi proiektu ere aukeratu dira: "Goazen denok liburutegira", Ablitaseko liburutegiarena; "Ate irekiko liburutegia", Barañaingo liburutegiarena; "Leyendo es gerundio", Cascantekoarena; "Hau zure liburutegia da", Cintruenigoko liburutegiarena; "BPM: integraziorako eta elkar ekintzarako espazio soziala", Marcillako liburutegiarena; "Irakurketaren alde elkarrekin", Mendabiako liburutegiarena; "Sartagudako Udal Liburutegiaren XXV. urteurrena", Sartagudako liburutegiarena, eta "Berritzen, zerbitzatzen eta gizarteratzen!", Bianakoarena.

Aurizberriko liburutegiak jaso du 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien proiektu onenaren Maria Moliner Sari Nazionala

Zerrendara itzuli