es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Artxiboak Nafarroako Foru Orokorraren hobekuntzaren seigarren mendeurrenari buruzko erakusketa du ikusgai hilabete honetan

2018/03/06

Karlos III.a Noblearen hobekuntzaren eskuizkribua barne izanen duen erakusketa asteko egun guztietan irekita egonen da.

Nafarroako Foru Orokorraren hobekuntzaren seigarren mendeurrena dela eta, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko beheko galerian, efemeride hau gogoratzeko erakusketa izanen da martxoa bukatu arte. “Karlos III.a Noblearen (1418) Hobekuntzaren 600. urteurrena” izenburuko erakusketak Karlos III.a Noblearen hobekuntzaren eskuizkribua ere izanen du ikusgai, eta asteko egun guztietan bisitatu ahalko da, asteburuak eta jaiegunak barne hartuta, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean.

1418aren hasieran, duela 600 urte, Karlos III.a Noblea erregeak Nafarroako Foru Orokorraren hobekuntza aldarrikatu zuen, foruaren testuari egindako bigarrena, alegia. Agiri horren bidez, erregeak zaharkituta edo berritzeko premian zeuden zenbait agindu eguneratu nahi izan zituen, ordurarte aurreikusi gabe zeudenak ere arautuz.

Nahiz eta 1418ko hobekuntzak argi utzi zuen testua Nafarroako Foru Orokorraren liburuari gaineratu behar zitzaiola, Filipe III.aren hobekuntzaren ondoren, badirudi agindua bete gabe geratu zela. Hori dela eta, Nafarroako Artxiboan gordeta dauden Foruaren inguruko Erdi Aroko eskuizkribuetan ez dago Karlos III.aren hobekuntzaren aipamenik, baina ez da gauza bera gertatzen Filipe III.aren hobekuntzarekin. Foruaren gaurdainoko ale gehienetan ere ez da horren aztarnarik ageri.

Hala ere, erakusketan ere ikusgai jarri duten Kontuen Ganberaren funts dokumentaleko agiri bati esker, badakigu Karlos III.aren hobekuntza ez zela ahantzirik baztertu eta 1441ean haren alaba Blanca erreginak eskaera luzatu ziola Ganberari, Karlos III.a erregeak promulgatutako foru berriak eta hobekuntzak helaraz ziezaizkiola, beste hainbat dokumenturen artean.

Horrela, 1584an, Errege Kontseiluak Nafarroako Foru Orokorraren kopia egitea agindu zuenean, Karlos III.aren hobekuntza Filipe III.aren hobekuntzaren ondoren txertatu zen, eta agiri hori da Nafarroako Artxiboak gorderik duen dokumentu horren kopia bakarra, erakusketa honetan ikusgai dagoen berbera.

Nafarroako Foru Orokorra

Nafarroako Foru Orokorra, recopilación normativa de la primera mitad del siglo XIII. mendearen hasierako lehen erdialdeko arau-bilduma da, Nafarroako Erresumako Erdi Aroko zuzenbide-testu nagusia, alegia; eta egundoko aurrerapausoa ekarri zuen erresumako lurralde-zuzenbidea finkatzeari dagokionez. XIII. mendearen bukaerako kodize bat izan ezik, Nafarroako Foru Orokorrari ezagutzen zaizkion gainerako ale guztiak –Nafarroako, Espainiako nahiz Europako hainbat erakundetan gorderik daudenak– XIV. mendeaz geroztik baizik ez ziren idatziz paratu.

Hain zuzen ere, ordurako, XIV. mendean, beharrezkotzat jo zen ohiturazko zuzenbideari lotutako  jatorri pribatuko bilduma anonimo hura hobetzea. Lehendabiziko Hobekuntza, Filipe III.a Evreuxkoarena, 1330ean aldarrikatu zen.

Nafarroako Foru Orokorrari egindako bigarren Hobekuntza haren biloba Karlos III.a Nobleak onetsi zuen 1418an. Kasu honetan, erregearen ekimena izan omen zen. Halaxe ziurtatzen du hobekuntzaren testuaren hitzaurrean. Erregeak 1418ko otsailaren 1ean berretsi zituen arau berriak, elizaren, nobleziaren nahiz erresumako herri onen ordezkariek osatutako Gorteen onespenaz.

Karlos III.aren hobekuntzari atxikitako arauen edukia, 14 kapitulutan banatutakoa, era askotakoa da. Besteak beste, blasfemia zapaltzeko neurriak, elizgizonendako betebeharrak eta herrietako ospakizunen inguruko mugapenak biltzen ditu, zuzenbide pribatuko arauekin batera.

Karlos III.aren erregealdian hobekuntza hau aldarrikatu izanak ezin hobeto islatzen du Nafarroako lurralde-zuzenbidea –hots, erresuma osoan baliatu beharreko zuzenbidea– hartuz joan zen indar gero eta handiagoa, Errekonkistan sortutako tokian tokiko zuzenbideen kaltetan. Testuinguru honetan, Karlos III.aren beste ekimen batzuk ere aipatu behar dira; hala nola, Batasunaren Pribilegioa, 1423koa, Iruñeko ordurarteko hiru jurisdikzioak edo biztanle-barrutiak behin betiko batu zituena, edota, aurrerantzean Iruñeko hiru barrutietako biztanleak Nafarroako Foru Orokorrari atxikita –eta ez tokian tokiko ordenamendu juridikoei lotuta– egonen zirela aldarrikatzen zuen urte bereko xedapen osagarria.

Artxiboak Nafarroako Foru Orokorraren hobekuntzaren seigarren mendeurrenari buruzko erakusketa du ikusgai hilabete honetan
Karlos III.a Noblearen Nafarroako Foru Orokorraren Hobekuntzaren eskuizkribuaren argazkia.

Zerrendara itzuli