Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Artxibo Garaikideak Nafarroako azkenaldiko historiari loturiko milaka dokumentu jaso ditu.

2020/07/31

Funtsak Fernando Hualde Gállegok eman ditu

Fernando Hualde Gállego nafar idazle, historialari eta ikerlariak gure komunitatearen azkenaldiko historiari loturiko kartel eta buletin bilduma bat eman dio dohaintzan Artxibo Garaikideari.  

Lehen dohaintza hori Nafarroako eta kanpoko alderdi politiko, sindikatu, kultur elkarte eta herritar mugimenduetako hirurehunetik gora kartelez eta milaka buletinez dago osatua, guztiak ere Frankismoaren azken urteetatik gaur egunera. Dohaintza irekia da eta, aurrerantzean ere, bestelako materialak emanen ditu, hala nola pegatinak, panfletoak, foiletoak, etab. 

Bilduma lagungarria da nafar gizartean XX. mendearen erdialdetik hona izaniko aldaketak beren testuinguruan ezagutzeko eta ulertzeko. Agiriek, izan ere, interes berezia dute, kontuan hartu behar baita haietako aunitz desagerturik dauden erakundeei dagozkiela. Funtsek ederki erakusten dute zer-nolako aniztasunarekin eta indarrarekin bizi ziren garai hartako gertakariak, gizartea eta ideologiak borbor ari ziren urteetan. 

FUNTS GARAIKIDEAK PROIEKTUA

Dohaintza 'Nafarroako Funts Garaikideak eta Oraingo Funtsak' izeneko proiektuaren baitan egin da, Nafarroako Artxibo Garaikideak 2018an abiarazia jarduera instituzionalari lotuta ez dagoen azken hamarkadetako dokumentazioa bildu, gorde eta zabaltzeko; betiere, sare sozial, kultural, politiko edota erlijiosoak sortutakoa. 

Dokumentazioa politikagintza, sindikalgintza eta kulturgintzako mugimenduei lotuta dago, bai eta auzogintza, feminismo nahiz antimilitarista arloko mugimenduei ere, baina mugimendu erlijiosoa edota gobernuz kanpoko erakundeak ere bazter utzi gabe. Artxibo Garaikideak bere instalazioak, ezagutza teknikoa eta giza baliabideak nahiz baliabide teknologikoak eskaintzen ditu jabetza partikularreko dokumentazio hori gorde eta zabaltzeko. Oso dokumentazio hauskorra baita, bai kontserbazio-baldintzen ondorioz, bai materialen ondorioz, baina agiri arras interesgarria, XX. mendearen azken laurdeneko nafar gizartea aztertzeko eta XX. mendearen azken erdiaren memoria kolektiboa sortzeko. 

Fernando Hualdek berrikitan egindako dohaintza hori antolatu, sailkatu eta deskribatzeko lanak egiten ari dira. Behin bukatutakoan, agiriak herritarren eskura jarriko dira Artxibo Irekian. Une honetan, 2000 urtera arteko kartelak daude ikusgai. 

IDAZLEA ETA IKERLARIA

Fernando Hualde Gállego (Iruña, 1961) liburu, lan eta erreportaje aunitzen egilea da, eta hitzaldi franko eman ditu Nafarroako ondare historikoaz, etnografikoaz eta dokumentalaz. Hainbat hedabidetako kultur aholkularia da eta, museo-proiektuen eta ibilbide turistikoen eragilea, Nafarroako hainbat herritan. Nafarroako Kultura Immaterialaren Ondarearen Inbentarioaren proiektuan ari da, Nafarroako Gobernuak sustaturik, eta Izabako Kultur Ondare Immateriala ere ari da garatzen. 

Era berean, hainbat kultur elkartetako kidea da eta haiekin aritzen da lankidetzan, denetariko kultur ekitaldiak bultzaturik, hala nola Erronkariko Jantzien Eguna, almadiazainen omenaldiak edo Fabaren Erregea. 2019an, Kulturako Vianako Printzea Sarirako hautagaia izan zen.  

Artxibo Garaikideak Nafarroako azkenaldiko historiari loturiko milaka dokumentu jaso ditu.
Dohaintza jasotzen duten dokumentu batzuen lagina

Zerrendara itzuli