Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Arte garaikidea protagonista da Nafarroako Museoko erakusketa iraunkor berrituan

2019/01/31

Hainbat hilabeteko lanaren ondoren, Museoak diskurtso museologiko berria eta irudi berri eguneratuagoa ditu.

Nafarroako Museoak gaur goizean aurkeztu du erakusketa iraunkor berritua, arte garaikidea protagonista duela. Modu horretan, Museoak diskurtso museologiko berria eta irudi eguneratua eskaintzen ditu.

Erakusketaren berri eman dute gaur Kultura-Vianako Printzea Erakundeko zuzendari nagusia den Dori López Juriok; Museoen zerbitzuko zuzendariak, Susana Irigarayk; eta Nafarroako Museoaren Ataleko buruak, Mercedes Joverrek.

Hiru urtez lanean aritu ondoren, ‘Arte guztia arte garaikidea da’ proiektua erakutsi du gaur Nafarroako Museoak. Horren bitartez, planteamendu metodologiko berria egin da, osotasunaren ikuspegia eskaintzeaz gain, kontzeptu bera euskarri desberdinekin eta une desberdinetan modu ezberdinean nola irudikatzen den aztertzen duena. Horretarako, Nafarroako Museoak gela bat prestatu du denboraren lerroarekin, eta, bertan, gertaera sozial eta kultural nagusiak agertzen dira, XIX. mendearen amaieratik hasi eta gaur egun arte, emakumeen ingurukoei arreta berezia eskainita.

Ekimenaren bitartez, erakusketa iraunkorra guztiz berritu da hirugarren eta laugarren solairuetan, baina lehenengo eta bigarren solairuan ere jarduera zehatz batzuk egin dira. Kapera prestatu dute Museoaren funtsetan obrak dituzten Nafarroako artista bizien aldi baterako erakusketak egiteko, ataria ere berritu dute harrera-leku bezala, eta aretoko zaindarientzat uniforme berriak diseinatu dituzte.

Kanpoaldean, fatxada eguneratu dute; alegia, brontzezko ate berriak jarri dituzte, identifikatzen duten letrak margotu dituzte eta harria garbitu dute.

Berritze-lan handi horietan, Nafarroako Museoak ahalegin aitzindari berezia egin du irisgarritasunaren inguruko estandarrak bere gain hartzeko; hots, kognitiboak zein fisikoak. Areto berrituetan, testu batzuk jarri dira hormetan, erakutsitako obren gaineko kontzeptua erakusteko, bisitariak errazago uler ditzan.

Behe solairuan, Arte guztia garaikidea da proiektuaren azalpena jarri da, Museoa berrikuntza hori (azken hiru hamarkadako handiena) egitera eraman duten arrazoiak azalduaz, eta zein alderditan, nola eta non garatu den aipatuaz. Horrez gain, bisitarien lankidetza eskatzen da, haien ekarpenen eta balorazioen bitartez, Museoak aldatzen eta hobetzen jarrai dezan.

Nafarroako Museoak sarrera debalde izango du datozen otsaila eta martxoan, interesa duen orok eraldaketa berria ikusteko erraztasuna izan dezan.

Obra berriak

Diskurtso museologiko berrian funtsak eta erakusketa berrikusi dira, XX. eta XXI. mendeko artista nafarren potentziala erakusteko helburuarekin. Ildo horretan, hirugarren eta laugarren solairuan, argazkigintza, grabatua, kartela, musika, zinema dokumentala, eskultura eta pintura espazio berean agertzen dira. Guztira, honako hauek bezalako artisten 71 obra berri instalatu dira: Lydia Anoz (argazkigintzako iraupen luzeko erakusketei eskainitako espazioa inauguratzen duen artista), Nicolás Ardanaz, Elena Asins, Isabel Baquedano, Equipo Crónica, Pedro María Irurzun, Koldo Chamorro, Gerardo Zaragüeta, e.a. Eta horien artean, emakumeek protagonismoa hartu dute, urte askotan kendutakoa.

Hautatutako obra garaikide batzuk Museoko beste solairu batzuetan sakabanatu dira, obra erromaniko, gotiko, errenazentista edo barrokoekin batera jarrita. Gainera, erakusketa iraunkorrean adierazpen artistikoaren modu berriak sartu dira, orain arte ez zeudenak; hala nola, grabatua, argazkigintza, kartela, zinema dokumentala, musika eta ondare etnografikoa.

Bestalde, ikus-entzunezko hiru emanaldi gehitu ditu Museoak, aretoetan erakusten den guztia testuinguruan kokatzeko; alegia, Enrique Solerren “Iruñeko Zentral Termikoa”, Antonio Ruizen “Iruña duela ehun urte” eta Ramon Gomez Redondok "72ko Topaketen" inguruan egindako erreportajeak “Galería. Revista Semanal de Artes y Letras” programan (RTVEren eskaintza). Halaber, modu iraunkorrean jarri du Enrique Martin-Caroren "Sentimendu Tragikoa" pinturari Ignacio Fernandezek 2013. urtean eskainitako musika-konposizioa.

Aro modernoko urregintzaren bitrinan Nafarroako Museo Etnologikoaren piezak aurkitzen dira orain, gorputzarekin eta heriotzarekin loturiko ondare materiagabea gerturatzen dutenak.

Era berean, nabarmendu behar da Nafarroako Museoak honako hauen lankidetza lortu duela: Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala, Bilboko Arte Ederren Museoa, Jorge Oteiza Museo Fundazioa, "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikoa, Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Arantzazuko Frantziskotarrak, Radiotelevisión española, Nafarroako Filmoteka eta zenbait partikular, Nafarroako artisten obrak eman dituztenak, haien presentzia garrantzitsua izateagatik.

Museoa bisitatzeko ibilbideak

Nafarroako Museoak testu laburrak eskaintzen ditu aretoetan, eta bisitak egiteko hiru ibilbide diseinatu ditu, Konplizitateak izenarekin. Era horretan, bisitariak argumentu-hari berean inskribatzen diren zazpi obrako sorta ikus dezake, Nafarroako hiru idazlek hautatuta.

Esate baterako, Patxi Irurzunek ‘El hilo de la vida. Biziaren haria’ ibilbidea egin du, sozialaren inguruan hausnarketa egitera gonbidatuaz. Camino Oslék, berriz, hautaketa-lana iraunkortasunaren eta espiritualtasunaren ikuspegitik egin zuen, ibilbideari ‘El cuerpo, y después la muerte. Gorputza, eta gero heriotza’ izena emanaz. Eta Maite Pérez Larumbek emakumeen alde egin zuen ‘Estamos todas bien. Emakume guztiak ongi gaude’ ibilbidean.

Nafarroako Museoak jarduera osagarrien programa zabala prestatu du otsaila eta martxorako, herritarrek Museoaren erakusketa berria ezagutzeko aukera izan dezaten. Museoaren programazioa ezagutu nahi duten pertsonek www.culturanavarra.es helbidean kontsulta dezakete edo haien posta elektronikoan jaso, www.museodenavarra.navarra.es web orrian alta emanda.

 

 

Arte garaikidea protagonista da Nafarroako Museoko erakusketa iraunkor berrituan
Javier De Esteban, Luis Tena, Marta Arriola, Iñaki Urricelqui, Mercedes Jover, Dori Lopez Jurio, Susana Irigaray, Luis Garbayo eta Leticia Esain.

Zerrendara itzuli