es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Aro Modernoan Nafarroan izandako praktika homosexualak aztertzen dituen liburua argitaratu dute

2020/07/10

Artxibo Erreal eta Orokorrean gordetako prozesu judizialak aztertzen ditu argitalpenak, eta erakusten du zer-nolako gogortasunez erreprimitu zituzten jokabide horiek agintari zibil eta erlijiosoek

 

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak argitaratu du Javier Ruiz Astiz historialariaren Transgresión sexual y pecado contra natura en Navarra (siglos XVI-XIX) liburua. Obra honek azaltzen ditu  Aro Modernoan, Nafarroan, ordena ezarria urratzen zuten ohitura eta praktika sexualak.

Egileak zehatz-mehatz ikertu ditu naturaren kontrako bekatuaren bi alderdi: sodomia eta bestialismoa. Horretarako miatu ditu Errege Epaitegietan ebatzi ziren prozesu judizialak, egun Nafarroako Artxibo Nagusian daudenak.

Liburu hau Historia saileko 139. zenbakia da eta 400 aleko argitalpena izan du. 15 euroan eros daiteke Nafarroako Gobernuaren argitalpenen dendan (Navas de Tolosa karrika) eta liburu-dendetan.

Praktikak, lekuak eta zigortzeko mekanismoak

Monografiko honek bi atal ditu. Lehenik eta behin, aipatutako bi fenomeno horiek deskribatzen dira: praktikak nahiz moduak, harremanetan edo praktiketan inplikatuak eta, halaber, zer lekutan elkartzen ziren edo egiten zuten delitua. Bigarrenik, praktika horiek kontrolatzeko eta zigortzeko bideak zehazten dira: legedia, doktrina morala, naturaren kontrako bekatuari buruzko literatura, salaketak eta salatzaileak, epaitegiak, defentsa eta lekukoak, tortura (aitorpenak lortzeko tresna) eta, azkenik, ezarritako zigorrak (heriotza, zigorkadak, erbesteratzea, galerak, espetxeratzea edo askapena).

Ikerketa honek erakusten du agintari zibil eta erlijiosoek bortizki erreprimitu zituztela bi jokabide horiek. Era berean, nabarmentzen du bizilagunek diziplinatzaile gisa jardun zutela erresumako herri anitzetan XVI. mendetik XIX.era.

Ruiz Astizek arreta berezia eman dio epaileen jokaerari: justizia nola aplikatu zieten bekatu horien gaineko salaketa zuten akusatuei. Azterlanak egiaztatzen du nolabaiteko haustura bat zegoela legeek xedatutakoaren eta epaile nafarrek emandako zehapenen artean, XVII. mendetik aitzina.

 Aro Modernoan Nafarroan izandako praktika homosexualak aztertzen dituen liburua argitaratu dute

Zerrendara itzuli