Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Antzoki Sareak, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, Nafarroako Arte Eszenikoen lehen Zirkuitua abiatuko du

2018/01/29

Batzorde artistiko batek proposamen eszenikoen katalogo bat sortuko du, maiatza eta azaroa bitartean programatuko direnak.

Antzoki Sareak Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuitua jarriko du martxan, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin. Ekimena Antzerkia Sustatzeko Planaren baitan kokatzen da, Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2017an abiatua, Nafarroan antzerkian eta dantzak bizi duten ezegonkortasun-egoera arian-arian hobetzeko.

Kulturako zuzendari nagusia den Fernando Pérezek eta Nafarroako Antzoki Sareko lehendakari den Zutoia Toralek gaur goizean aurkeztu dute Arte Eszenikoen Zirkuitua, sustatzaileen artean diziplina desberdinetako artista nafarrek sortutako lan eta produktu kulturalak zabaltzeko. Nafarroako dantza- eta antzerki-konpainia profesionalen programazioa Nafarroako Antzoki Sarea Elkarteko udal-espazio eszenikoetan erraztea da asmoa, zeinak kalitate nabarmeneko dantza- eta antzerki-espektakuluak hartuko dituzten, katalogo batean jasoak.

Zirkuitua martxan jartzearekin gonbita egin nahi zaie espazio eszenikoei modu koordinatuan eta sarean lan egiteko, komunitatean arte eszenikoak zabaltzeko esfortzu eta ezagutzen bateratzea aprobetxatzeko moduan. Hala, espazio eszeniko egokiak dauzkaten herrien gerturatzea babesten da, publikoen sorrera, prestakuntza eta fidelizazioa sustatzearekin batera.

Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuituak 125.000 eurotako aurrekontua dauka eskura, Nafarroako Antzoki Sarea Elkartera zuzendutako 215.000 euroen baitan, Kultura Zuzendaritza Nagusiak emana. Gainera, bertan parte hartzen duten sareko espazio eszenikoen ekarpena ere izango du ekimenak.

Honakoak dira zirkuituaren egitekoak: konpainia eta espazio eszenikoei partaidetza-baldintzak ezagutzera ematea; lanak koordinatzea konpainien katalogoa osatzeko; espazio eszenikoen proposamenak jasotzea; espazio eszenikoek egingo dituzten kontratazioak gainbegiratzea; eta, gainera, zirkuitua bera zabaldu eta hedatzea, espazio eszenikoetako programetan dantza- eta antzerki-konpainia profesionalen presentzia ezartzeko baliabide gisa.

Zirkuituaren egutegia

Otsailaren 15ean Arte Eszenikoen Zirkuituaren bulegoa jarriko da martxan, aurkeztutako proposamenak baloratu dituen batzorde artistikoa eratuko da eta antzerki- eta dantza-konpainia profesionalei zirkuituaren berri emango zaie. Martxoaren 1ean bukatuko da konpainien proposamenak aurkezteko epea. Halaber, martxoaren 15ean, itxi egingo da katalogoa, zirkuituko webgunean argitaratuko da eta horren berri emango zaie Sareko espazio eszeniko elkartuei. 

Gero, apirilaren 15ean aurkeztuko da programa, eta maiatzaren 1a eta azaroaren 1a artean garatuko da zirkuituaren baitako ikuskizunen programazioa.

Lehen edizio honetatik aurrera, konpainia, produktore eta banatzaileek urteko edozein momentutan aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak. Batzorde artistikoak ebaluatuko ditu proposamenak eta urria hasieran erabakiko du zeintzuk sartuko diren zirkuitura. 

Hurrengo urterako behin betiko katalogoa azaroa baino lehen zabalduko da eta aurkezpen-ekitaldi bat izango du 948 Merkatua/Nafarroako Arteen Merkatuaren baitan. Gainera, beste antzerki-azoka eta -erakustaldi garrantzitsu batzuetan ere izango da (DFeria-Donosti, Feria Internacional de Teatro y Danza de Huesca eta Fira Tárrega, esaterako).

Azaroa amaieran aurkeztuko dute udaletxe eta espazioek beren kontratazio-proposamena eta urtarrila erdialdean argitaratuko da programa. Azkenik, otsaila eta azaroaren 1a artean, ekoizpenen errepresentazioen egutegia gauzatuko da.

Prestakuntza, topaketa-foroak eta kanpo-proiekzioa 

Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuitua topaketa-espazioak eraikitzeko dago pentsatua, elkarrizketa komuna eta jardun bateratua sortuko dituztenak, programaziorako eta sorkuntzarako beste berariazko eta propioen artean. 

Ildo horretan, eta zirkuitua sendotuz joan ahala, lan-trukaketak eta -esperientziak planteatzea aurreikusten da, bai programazioaren esparruan eta bai sorkuntzaren esparruan ere eta, modu bateratuan, estatu mailako eta nazioarteko antzeko agenteekin elkarlana sendotzea.

Estatu mailan funtsezkoa izango da azoketan parte hartu eta Redescena bezalako zirkuituekin topo egitea. Nazioartean, bestalde, Europa Creativa bezalako erakunde eta programekin kontaktuan jartzea da planteatzen dena (Europar Batasuneko programa, lehentasun gisa kultura- eta sorkuntza-sektoreen gaitasuna indartzea duena, mugaz gaindi eta nazioartean ekin ahal izateko, nazioarteko zirkulazioa eta mugikortasuna sustatzearekin batera), eta baita Res Artis (arte-egonaldietako programen mundu mailako sarea) edo Iberescena bezalako programekin ere (arte eszeniko iberoamerikarren jarduera sustatu, elkartrukatu eta integratzeko programa).

Antzoki Sareak, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, Nafarroako Arte Eszenikoen lehen Zirkuitua abiatuko du

Zerrendara itzuli