Facebook pixel
Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Altxor ederra Nafarroako Justizia Jauregian

2019/12/20

Ondare Historikoaren Zerbitzuak hartu du bere gain “Familia Santua” margolana berritzeko proiektua.

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamenduko Ondare Historikoaren Zerbitzua “Familia Santua” margolana zaharberritzeaz arduratuko da. Lana Nafarroako Justizia Jauregian dago. Egile ezezagunekoa, lanak Leonardo da Vinciren “Ardatzetako Ama Birjina” margolanaren eragina jaso zuen. Mihise gaineko olio-pintura da, 173,5 x 126,5 cm-koa, 1600 inguruan ondua. Markoa modernoa da, antzinako markoa imitatzen duena. Margolana arras interesgarria da, beste leku batzuetan oso antzeko lanak daudelako. Antzekoena Lavinia Fontanak XVI. mendearen bukaeran margotutakoa da, El Escorialeko Errege Monasterioan dagoena.

Margolanean, Ama Birjinak belo arin batekin estaltzen du zumezko sehaskan lo datzan Jesus Haurra. San Joanek isiltasuna eskatzen dio keinu baten bidez ikusleari. Ama Birjinaren atzealdean, San Josek Haurra estaltzeko keinua laguntzen du. Behealdeko ezker angeluan, sehaskaren ondoan, idazkun bat ageri da: COR MEUVMT BIGILAT. Eszenaren konposizioa Leonardo da Vinciren “Ardatzetako Ama Birjina” lan galdutik eratorria dago. Agerian dago, beraz, Da Vinciren eraginak Rafaelen margolanen bidez iraun zuela, baina aldaketa txiki batekin, Haurra lo agertzen baitu. Giovanni Battista Salviren "Ama Birjina, Haur lokartua gurtzen” lanean bezala.

Artres S.L. enpresa ari da margolana zaharberritzen Nafarroako Museoan, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko teknikarien zuzendaritzapean.

Aurrez egin beharreko azterlanak ere eginen dira (bernizen balorazioa eta ukitu zaharrak argi ultramorearen pean, ehuna aztertzea, pintura-materialak ezaugarritzea, hasierako bastidorearen dokumentazioa), eta era berean, garbiketa-tratamenduak, dokumentazioa, margolanarenak ez diren material gehituak kendu aurreko azterlana, berniz herdoildua ezabatzea, ehun-txertoak hausturetan eta euskarri-oihalik ez dagoen tokietan jartzea, tenkatze-lana bastidorean, iztukatua, eta kolore hutsuneak berriz margotzea. Bukatzeko, berniz babesgarria emanen zaio.

Lana zaharberritzeaz gain, margolanaren historia materialari eta egileari buruzko ikerlana egiten ari dira. Ez dakigu nork egina den, baina Entzutegi Probintzialeko inbentarioetan agertu zen, XIX. mendearen bukaeratik aurrera.

Altxor ederra Nafarroako Justizia Jauregian
Artelana

Zerrendara itzuli