Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Administrazioaren artxiboak Oculto pero existente: testimonios del ocio femenino plazaratu du, Emakumeak eta Dokumentuak saileko ale berria

2019/09/27

Nafarroako emakumezkoen aisiari buruzko testua da, kirola eta kultur jarduerak ardatz hartuta

Nafarroako Gobernuko Administrazioaren Artxiboak Oculto pero existente: testimonios del ocio femenino argitaratu du, hots, Emakumeak eta Dokumentuak sailaren 7. alea, Francisco Javier Caspisteguik idatzia.

Testuak Nafarroako emakumezkoen aisia aztertu du, emakumeek XIX. mendetik gaur eguneraino nagusiki kirolean eta kultur jardueretan izan duten parte-hartzea ardatz hartuta. Izan ere, Kulturako eta Turismoko Ordezkaritza Probintzialetik nahiz “Educación y Descanso” Atseden arloko Obra Sindikaletik datozen dokumentu-funtsen bidez (guztiak ere Administrazioaren Artxiboan gorderik), lehen begiratuan lirudikeena baino panorama aberatsagoa agertzen da. Egileak, gainera, dei bat egin du emakumeak hartutako espazio horiek eta beste batzuk ikertzen jarraitzeko; emakumeak, zenbaitetan, indarrean zeuden ereduez haratago jo baitzuen.

Emakumezkoen aisia

Aisia plataforma baten gisara agertzen da eta, haren bidez, emakumeek gizarte eraldakuntzetan parte hartu zuten, modernotasunera iristeko bide bat izateaz gainera. Ba al dago gizonezkoen aisia bat, eta beste bat emakumezkoena? Zer da emakumezkoen aisia, entretenitzeko modu bat edo emantzipatzeko tresna bat? Ba al dira antzekotasunak hiriko eta landa eremuko aisiaren artean? Aisia bestela praktikatzen al da espazio publikoetan eta pribatuetan, karrikan eta etxean? Gai hau aztergai da gaur, irailak 27, ostirala, Francisco Javier Caspisteguiren hitzaldian, Lizarrako Parrokia Etxean, Ondarearen Europako Jardunaldien barnean.

Emakumeak eta Dokumentuak

Saila Administrazioaren Artxiboak joan den martxoan abiarazia, sailak artxibo barnean gorderik dauden dokumentu-funtsak eman nahi ditu ezagutzera, eta horrekin batera, emakumeari lotutako hainbat gai eta alderdiri buruzko ikerbideak ireki, eta emakumeen eskubideak finkatzen lagundu zuten nafar emakume guztiak omendu.

Administrazioaren artxiboak Oculto pero existente: testimonios del ocio femenino plazaratu du, Emakumeak eta Dokumentuak saileko ale berria

Zerrendara itzuli