es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

80.000 euroko laguntzak onartu dira herri kultura tradizionala zabaltzeko proiektuetarako 2018ko Sustraiak-Raíces programaren barnean

2018/03/07

Kultura Departamentuak diruz lagunduko ditu irabazi-asmorik gabeko erakunde edo fundazioak, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitartean beraien proiektuak gauza ditzaten.

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak 80.000 euroko laguntza-deialdia zabaldu du elkartegintza esparrutik kultura arloko proiektuak lantzen dituzten kultura erakundeentzat. Nafarroako tradizioari eta folkloreari atxikitako kultur adierazpenak sustatu eta zabaltzeko proiektuak bultzatzea da NAOan gaur argitaratu den deialdiaren helburua. Eskaerak aurkezteko epea bihar, martxoak 7, ireki eta apirilaren 6a arte luzatuko da, azken eguna barne hartuta.

Programa honen ondorioetarako, sustapen eta zabalkunde arloko jardueratzat joko dira Nafarroako herri kultura tradizionala hedatu eta bultzatzea xede duten ikuskizunak, erakusketak, jaialdiak, jardunaldiak, hitzaldiak eta antzerakoak. Izaera soziala eta barneratzailea izateaz gain, gizarte-ehuna sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu beharko dute, biztanleria osoa barne harturik. Proiektuek 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitartean egindakoak izan beharko dute, biak barne. Deialditik kanpo utzi dira zaindarien jaiekin, inauteriekin, herrietako jaiekin, prozesioekin edo izaera erlijiosoko beste adierazpen batzuekin lotutako jarduerak.

Onuradunak

Onuradunek irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izan beharko dute, eta beraien estatutuetan zehaztutako xede eta helburuen artean, herri kultura tradizionalaren zabalkundearekin lotutako jarduerak egitea aipatu beharko da, 1. oinarrian ezarritakoaren arabera. Horrez gain, 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratuta egon eta helbide soziala eta fiskala Nafarroan izan beharko dute. Erakunde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahalko du.

Deialditik kanpo utzi dira toki-erakundeak, honen erakunde autonomoak, enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta toki-erakundeen partaidetza nagusi duten sozietate publikoak, baita Nafarroako 2018ko aurrekontu orokorretan kontu-sail izenduna duten erakundeak ere. Halaber, deialditik baztertu dira Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribatuta dauden museoen nahiz bilduma museografikoen titularrak, aldi baterakoak barne.

Dirulaguntzaren zenbatekoa

Proiektu bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu, ezein kasutan, onartutako aurrekontuaren % 70a. Erakundeak aurkeztutako aurrekontuari, oinarrietan zehaztutakoaren arabera diruz ezin lagun daitezkeen kopuruak kenduz kalkulatuko da onartutako aurrekontua. Bestalde, erakunde eskatzaile bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 9.600 eurotik gorakoa izango (deialdi honi esleitutako guztizko zenbatekoaren % 12).

Laguntzak eskatzeko inprimakiak oinarrien I. Eranskinean zehaztutako eskaera-ereduen arabera aurkeztuko dira, eskatutako dokumentazioa erantsiz, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan (Nabarreria kalea, 39, 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuaren edozein Erregistro Bulegotan, Legeak aitortutako bestelako lekuetan nahiz Erregistro Elektroniko Orokorrean. Eskaera-ereduak, memoria deskribatzailea eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren webgune honetan bete eta tramitatu ahalko dira.

80.000 euroko laguntzak onartu dira herri kultura tradizionala zabaltzeko proiektuetarako 2018ko Sustraiak-Raíces programaren barnean

Zerrendara itzuli