Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

50 jarduera profesional eta artistiko baino gehiago izango dira 948 Merkatuaren, Nafarroako Arteen Merkatuaren eta Topaketa Profesionalen Foroaren, III. edizioko programazioan

2019/10/29

948 Merkatua, Nafarroako Arteen Merkatuaren eta Profesionalen Topagunea, azaroaren 20an, 21ean eta 22an izango da eduki berriekin. Guztira, 50 proposamen baino gehiagok osatzen dute 2019ko edizioko programa, tartean, hitzaldiak, tailerrak eta erakusketa artistikoak. Horiek guztiak egiaztatutako profesionalentzat dira, eta, ART atalaren kasuan, publikoarentzat oro har ere bai.

Horrez gain, aurten berrikuntza gisa, tokiko, estatuko eta nazioarteko 12 proiektu hautatuk beren proposamen kulturalak aurkeztuko dituzte lehiaketara, eta esklusiboki Nafarroako sektore artistikoarentzat, bi topagune berri diseinatu dira: “Nafarroako Sorkuntzaren leihoa”, bertan, Nafarroako bederatzi artistak Estatu osoko programatzaileentzat irekitako sorkuntzarako leihoa izango dute; eta “Conecta art”, eskualde guztietako programatzaile egiaztatuek eta Nafarroako kultur agenteek harremanak eta lankidetzak egin ditzaten.

Kultura eta Kiroleko kontseilaria den Rebeca Esnaolak aurkeztu du gaur goizean ekimena, eta harekin batera izan dira Kultur Ekintzaren Zerbitzuko zuzendaria, Lorenzo García, eta Iruñeko Udaleko Kulturako eta Berdintasuneko zinegotzia, María García-Barberena.

948 Merkatuaren edizio berrian diziplinarteko sorkuntzaren aldeko apustua egingo da, tokiko mailatik nazioarteko mailara. Eta horrekin, Nafarroak berrikuntza artistikorantz eta kulturalerantz bideratutako merkatu nazionala eta nazioartekoa izatea du helburu.

948 Merkatuak egindako hautaketan arreta jartzen du Foru Komunitateko, estatuko nahiz nazioarteko proposamenetan, eta bereziki nabarmentzen du Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeko parte-hartzea, eskualde hori lehenengo ediziotik ari baita programari babesa ematen. Aldi berean, 948 Merkatuak konplizitateak egiten jarraitzen du hurbileko lurraldeekin, eta, horrela, Errioxa eta Aragoi ere azokan egongo dira modu ezberdinetan.

Hortaz, 2019ko edizioa berrikuntzaz josita dator, baina PRO Programazioaren egiturari eutsiko dio (hitzaldiak, networkinga, tailerrak, e.a.) goizetan Baluarten, eta ART Programazioaren egiturari ere (erakusketa artistikoak) Iruñeko espazio ezberdinetan arratsaldetan, eta, lehen aldiz, goizez Baluarten. Gainera, gune horretan erakundeen nahiz erakunde sektorialen lan-bilerak egingo dira.

Prozesua eta kolaborazioak

948 Merkatuaren hirugarren edizio honetan, Nafarroako Arteen Merkatuak eta Topaketa Profesionalen Foroak Iruñeko Udalaren lankidetza izango du beste behin. Halaber, honako hauen laguntza izango da 948 Merkatuan: Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdea, Euskarabidea, Etxepare Institutua, Baluarte Fundazioa, NICDO, OARA (L’Office Artistique, Nouvelle-Aquitaine eskualdekoa), Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Nafarroako Antzerki Eskola, Gaiarre Antzokia, Nafarroako Antzoki Sarea, Indara eta Zentral. Laguntza emango duten beste erakunde batzuen artean aurkitzen dia, baita ere, NUP, Nafarroako Unibertsitatea, UNED, Baionako Udala edo Département de Pyrennes Atlantiques, besteak beste.

Sarrerak eta akreditazioak

Jardueren ordutegiak eta egoitzak hemen kontsulta daitezke: www.948merkatua.com. Web berean irekita jarraitzen dute profesionalentzako eta prentsarako akreditazioek. Akreditazioa duten pertsonek azokako jarduera guztietara eta programaturiko erakusketetara sartu ahal izango dute. %50eko deskontua lor daiteke azaroaren 10era bitarte.

Erakusketa artistikoak herritarrentzat oro har irekiak dira, eta gonbidapena behar da horietan sartu ahal izateko. Gonbidapena ekitaldia egingo den egoitzetan eskuratu ahal izango da; hau da, Gaiarre Antzokia, Nafarroako Antzerki Eskola, Zentral Aretoa, Indara Kluba eta Walden Liburu-denda - Kafetegia.

948 PRO: Programazio profesionala

PRO programazioa, programazio artistikoaren edukiekin bat eginez, Baluarten egiten da, egunero 8:30etik 15:00etara.

948 PRO barruan, ondorengoak izango ditugu:

- Hitzaldiak, eztabaidak eta tailerrak. Inaugurazio-eztabaidaz gain, 25 hitzaldi eta tailer egingo dira. Eduki osoa jaialdien, instituzioen edo programazio-espazioen zuzendari ospetsuek eskainiko dute.

- Kultur proiektuen aurkezpena. Tokiko, estatuko eta nazioarteko 12 proiektu hautatuk beren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta 1.500 euroko hiru laguntza ekonomikoren lehiaketan sartuko dira kategoria ezberdinetan: “Kultura eta iraunkortasun ekonomikoa”, “Kultura eta gizartea” eta “Kultura eta berrikuntza”. Antonella Broglia arduratu da hautatuei aurkezpena prestatzeko laguntza emateaz, proiektuak berrikusiaz. Broglia hiru hamarkadaz aritu da lanean publizitatearen eta marketingaren inguruan, “Theatre for the People-ean” aktorea da eta public speaking-ean hezitzailea.

- Nafarroako sorkuntzarako leihoa. Foru Komunitateko sortzaile artistikoentzat da. Gune honetan Nafarroako artisten proiektuak aurkezten dira 948 Merkatuako publiko profesional osoaren aurrean. Guztira 9 proposamen hautatu dira, eta 10 minutuko tartea izango dute aurkezpena egiteko.

- Conecta art. Profesionalentzako tarte honetan, eskualde guztietako programatzaile akreditatuek eta Nafarroako kultur agenteek harremanak eta lankidetzak egin ahal izango dituzte.

- Standen zona. Baluarte inguruan informazioa emateko standen zona bat prestatuko da erakunde publikoentzat, enpresentzat eta erakunde kulturalentzat, Nafarroako eta beste lurralde batzuetako industria kulturalaren eskaintza erakutsi eta ezagutu ahal izateko.

- App profesionala. Lanerako erreminta bat egongo da 948 Merkaturako bisita antolatzeko eta azokan zehar gainerako profesionalekin elkarreragiteko.

948 ART: Programazio artistikoa

Oraingoan, 30 showcase eta erakusketa baino gehiago programatu dira, denak diziplina artekoak. Egun osoan zehar egingo dira Baluarten eta arratsaldetan Gaiarre Antzokian, Nafarroako Antzerki Eskolan, Zentral Aretoan eta Walden Liburu-denda eta Kafetegian. Programazioan ordutegiak batera ez egokitzen saiatu dira, programatzaileek ahalik eta erakusketa gehienetara joateko aukera izan dezaten.

948 ART aukera bat da Nafarroako sorkuntza artistiko erakargarri eta iradokitzaileenera gerturatzeko eta, aldi berean, oso ezagunak ez diren nazioarteko eta Estatuko proposamenetara gerturatzeko ere. Horiek guztiak hibridoak dira, eta hizkuntza artistiko ezberdinen arteko benetako elkarrizketa erakusten dute. Horrez gain, beste gai askoren artean, genero-berdintasunaz, lurralde eta kultur orekaz eta ingurumenarekiko errespetuaz arituko dira artistak haien lanetan.

Hilaren 19an, asteartean, ongietorri ekitaldia egingo da Indara Klubean, Bumaye!, Iñigo Cabezafuegoren eta Beatriz Sánchez artistaren proposamena. Obsimo frantsesen ekitaldiko profesionalentzako emanaldiaren aurretik izango da.

 

50 jarduera profesional eta artistiko baino gehiago izango dira 948 Merkatuaren, Nafarroako Arteen Merkatuaren eta Topaketa Profesionalen Foroaren, III. edizioko programazioan
Gaurko aurkezpena

Zerrendara itzuli