Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Ondarea birrinduz gero. Mencostarren hilobia leheneratzea Tafallan

2021/03/16

Lana ekintza bandaliko batek suntsitu zuen, 2015ean

Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusiak bi helburu lortu nahi ditu Mencostarren Hilobia leheneratzeko lanez argitaratu duen bideoaren bidez: batetik,  artelanak zaharberritzeko prozesu neketsua erakustea eta, bestetik, ondare artistikoa zein historikoa babestu eta errespetatzeak duen garrantziaz herritarrak kontzientziatzea. Hilobia ekintza bandaliko batek suntsitu zuen 2015ean, eta ondoren, aipatu erakundeak zaharberritu zuen. 
Ondarea birrinduz gero izenburupean, bideoan ageri da zer-nolako lan zehatz eta txukuna egin den Tafallako Errekoleten komentuko Mencostarren Hilobi suntsituari hasierako distira emateko. Bideoa gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da, eskura ere badago culturanavarra.es webgunean, eta era berean, QR kode baten bidez, hileta-eskulturaren parean jarritako azalpen-paneletan. 

Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Tafallako Udalarekin elkarlanean, iaz bukatu zituen Martin Carlos de Mencos Jaunaren eta Maria Turrillas Andrearen hilobia eraberritzeko lanak. Hilobia Errekoleten Komentuko eliza desakralizatuan dago, eta gazte talde batek erabat suntsitu zuen, 2015ean.

Maisulanetako bat da Nafarroako hileta-eskulturetan eta, prozesu horretan, gainera, ikusi da hainbat gertakarik ere arrastoa utzi zutela hilobian, hala nola Espainiako Independentzia Gerrak, karlistaldiek eta duela gutxiagoko beste gertaera batzuek. 

Zaharberritzea eta zabalkundea

Joan den arazoan, hilobia zaharberritzeko lanak egin ziren, hau da, zatiak sailkatzea, hausturak aztertzea eta makina bat zatitan hautsitako eremuak berrosatzea. 

Hilobia aztertzeko aurrekontua 6.927,75 euro izan zen, eta zaharberritzekoa, berriz,  34.057,86 euro. 

Lan horien osagarri, Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusiak dibulgaziozko programa bati ekin zion; lehenik, Ondarearen Europako Jardunaldietan, talde txikiei han bertan azalpenak eman zitzaizkien. 

Behin zaharberritze-lanak bukatu ondoren, ikastetxeen bisitak antolatu ziren lan garrantzitsu hori ezagutzera emateko eta denboraren joanean izan dituen gorabeherak azaltzeko, horixe delakoan 2015ean gertatu zena bezalako ekintzak saihesteko modurik onena. Horretarako, hainbat panel diseinatu ziren monumentuaren historia, txikizioak eta zaharberritze-prozesu zehatza azaltzeko. 

Hilobia, hileta-eskulturako maisulana

1667an, Carlos Martin de Mencos jaunak (Tafallako Errege Alkazarretako alkate betierekoa), bere emazte Maria Turrillasen testamentu-xedapenari jarraikiz, kontzepzionista frantziskotarren komentu bat sortu zuen herrian, Errekoleten komentua esaten zaiona. 

Fundatzaileen hilobia elizan kokatua dago, eta Lizarrako Francisco Sanz Barona eskultoreak egin zuen, 1738an, Azkonako harria erabiliz. Nafarroako hileta-eskulturetako maisulanetako bat da Nafarroan. Xehetasun apaingarriak zaindu zituen bereziki, Martin Carlos de Mencos komentu-fundatzailearen mailaren eta balentria militarren oroigarri, Itsas Ozeanoetako almirante jenerala izan baitzen, bai eta Napoliko Armadako jenerala ere.  

 

Ondarea birrinduz gero. Mencostarren hilobia leheneratzea Tafallan

Zerrendara itzuli