Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Europako Ondare Jardunaldiak iraileko eta urriko bi asteburutan eginen dira

2020/06/03

COVID-19k ezarritako edukiera-mugen ondorioz eta herritarren joan-etorri handiagoa ahalbidetzeko, luzatu egin dira datak

Ondarearen Europako Jardunaldiak bi asteburutan zehar zabalduko dira aurten, irailaren 25etik 27ra eta urriaren 2tik 4ra. Nafarroan eginen diren jardunaldien antolatzaile  Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak erabaki hori hartu du, COVID-19ko krisiak ondare-enklabeetan ezarritako edukiera-mugak direla-eta, ahalik eta pertsona interesdun gehienei arreta emateko.

Jardunaldiak Europako Kontseiluak sustatzen ditu nazioartean, eta aurtengo goiburua “Hezkuntza eta Ondarea” da, ondareak ikaskuntzarako tresna gisa daukan ahalmena nabarmentzeko. Nafarroa osoko udalek eta erakundeek proposatutako jarduera egitarauaren bidez burutuko da.

Egungo egoera dela eta, programatu diren ekitaldiak aire zabalean eginen dira, talde txikietan bilduta, eta ezarrita dauden osasun gomendioak beteta. 

Udal eta erakunde interesdunek uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak www.actividadesjep.fcpatrimoniodenavarra.com webaren bidez. 

 

Jarduerak ikastetxeetan

Gainera, aurreko urteetan bezala, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskola jarduerak egitea bultzatu nahi du ikastetxeetan, hurbileko kultur ondarearekin duten lotura handia agerian uzteko. 

Aurtengo goiburuak -“Hezkuntza eta Ondarea”k- inoiz baino gehiago lotzen ditu hezkuntzako irakasleak nahiz maila eta ikastetxe guztietako ikasleak jarduerak diseinatu eta egitera. 

Nafarroako Gobernua, egitarauaren koordinatzailea baita, jarduera zehatzak antolatzeaz gain, sustapen kanpainaz eta hedabideekiko harremanaz arduratuko da, eta era berean, jarduerak bere webgunean eta bestelako informazio-euskarrietan sartuko ditu. 

Kultura departamentuak, beste behin ere, nabarmendu nahi du zer-nolako eginkizuna duten elkarte, fundazio eta beste gizarte entitate batzuek kultur ondarearen kudeaketan, administrazio publikoek dutenaz gainera.  

 

 

 

Europako Ondare Jardunaldiak iraileko eta urriko bi asteburutan eginen dira
Kartela

Zerrendara itzuli