es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Iruñeko Ganbera Abesbatza, 2018ko Vianako Printzea saria

2018/04/27

Nafarroako Kultura Kontseiluak gaur goizean prosaturiko golardoa emateko ekitaldia maiatzaren 26an izango da, larunbatez, Erriberriko Errege Jauregian.

Nafarroako Kultura Kontseiluaren proposamenez, Iruñeko Ganbera Abesbatzak jasoko du “Kulturako 2018ko Vianako Printzea Saria”, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak gaur goizean prentsaurrekoan jakinarazi duenez.

Kontseiluak Iruñeko Ganbera Abesbatzaren 72 urteko lan jarraitua eta Nafarroak kultura arloko potentzia gisa duen irudia atzerrian zabalduz herritarren alde hartutako konpromisoa nabarmendu ditu. Oso balorazio positiboa egin du, hasiera-hasieratik nazioarteko proiekzio nabarmena izan duen Abesbatza honek 27ko belaunaldiaz geroko konpositore abangoardistei lekua emateko egindako ahaleginaz. Azkenik, nafar musikarien alde hartutako konpromisoa nabarmendu du, ahotsa eta hedapena eman baitie Nafarroan barnean zein nazioartean.

Orain, Nafarroako Gobernuak saritutakoa berresteko foru dekretua onartuko du, eta golardoa emateko ekitaldia maiatzaren 26an izanen da, larunbatez, Erriberriko Errege Jauregian. Saria esleitu ondoren, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin batera lan egingo du, erakunde honen lana ezagutzera emateko proiektu batean.

Ibilbidea

Iruñeko Ganbera Abesbatza 1946an sortu zen, eta hasiera-hasieratik, bere garaiko konpositoreei lotuta jardun du. Taldeak ospe handiko musikagileak izan ditu bidelagun; hala nola, S Arturo Dúo Vital, Fernando Remacha, Salvador Bacarisse, Joaquín Rodrigo, Eduardo Grau, Julián Bautista eta Óscar Esplà.

Abesbatzarraren sorreraz, Estatuko musika munduan zegoen hutsunea estali zen, baina horrekin batera, haren presentzia ohikoa bihurtu zen Europako agertoki nagusietan, eta hasierako urteetatik, jaialdirik ezagunenetan parte hartzera gonbidatu zuten. Horrela, soinuari ematen zion tratamenduari, kalitateari eta Luis Morondo lehenengo zuzendariaren ausardiari esker, nazioarteko ganbera talderik garrantzitsuenetakoa eta ospetsuenetakoa bihurtu zen.

70eko eta 80ko hamarkadetan, Abesbatzak abangoardia musikalei lotutako garaian garaiko obrak enkargatzen eta estreinatzen jarraitu zuen; halaxe jokatu zuen Agustín González Acilu konpositorearen obrekin. Azken hamarkadetan, eta bereziki azken urteotan, Abesbatzak sorkuntza berriaren alde apustu egiten jarraitzen du, XXI. mendeko estetika musikalei atxikitako obrak enkargatuz eta estreinatuz (Tomás Marco, José María Goicoechea, Koldo Pastor…), baina "musika handia" deritzona baztertu gabe. Lan horren emaitza gisa, Abesbatza Nafarroako musika artxiborik handienetako baten jabea da.

Hasiera-hasieratik, nazioartean dauden abesbatza-lehiaketa garrantzitsuenetako batzuen sariak irabazi ditu; hala nola, Llangollenekoa eta Lillekoa, eta mundu osoko jaialdi eta kontzertu-aretoetara gonbidatu izan dute. Hauexek dira taldeak urteotan jaso dituen golardoetako batzuk: Lille, Aljer, Vincennes eta Argentinako San Nicolás hirietako Urrezko Dominak, Meritu Zibilaren Ordenaren Golardoa, Alfontso X.a Jakintsua Saria eta Laneko Merituaren Urrezko Domina.

Iruñeko Ganbera Abesbatza bere hiriaren eta Nafarroa osoaren enbaxadorea izan da. Haren errepertorioan, leku berezia izan da beti euskal-nafar musikarentzat, musika herrikoi tradizionalarentzat nahiz XIX. eta XX. mendeetako nafar konpositore ezagunek egindakoarentzat.

Edizio honetarako proposamenak

Aurtengo edizioan, zortzi proposamen aurkeztu dira; horietatik hiru Nafarroako Kultura Kontseiluak aurkeztu zituen: Iruñeko Ganbera Abesbatza, Gregorio Monreal eta Sagrario Alemán. Bestalde, Nafar Idazleen Elkarteak Tomás Yerro proposatu zuen; Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Departamentuak Atena Fundazioa aurkeztu zuen; Bideko Mitxingorria Memoriaren aldeko Herrien Nafarroako Koordinakundeak Fermín Balentzia proposatu zuen; Mexikoko Jalisco Estatuko Gobernuaren Hezkuntzako Idazkaritzak Ramón Macías aurkeztu zuen; eta Dominikar Errepublikako Ingurumenaren, Osasunaren eta Segurtasunaren aldeko Hezkuntza Erakundeak (OREMASS) Daniel Baruc aurkeztu zuen.

Saria

Nafarroako Gobernuak deitutako saria da Vianako Printzea, eta horren helburua, "kultur munduko pertsona edo erakunde aipagarrien ibilbidea nabarmendu eta aitortzea da, honako hauek barnean hartuz: alde batetik, arte plastiko, musika, literatura eta beste alor batzuetako sormen-jarduera, eta bestetik, zientzia, teknika eta ikerketaren alorrean egindako lana", sariaren oinarrietan jasotzen den moduan.

Hauexek dira orain arteko sarituak:

  • 1990: José Goñi Gaztambide (historialaria)
  • 1991: Eugenio Asensio Barbarin (filologoa)
  • 1992: Iruñeko Orfeoia
  • 1993: Rafael Moneo (arkitektoa)
  • 1994: Francisco Ynduráin (filologoa)
  • 1995: Julio Caro Baroja (historialaria)
  • 1996: Pablo Antoñana Chasco (idazlea)
  • 1997: Pedro Miguel Echenique (fisikaria)
  • 1998: Montxo Armendáriz (zinegilea)
  • 1999: Álvaro d'Ors (legelaria)
  • 2000: Concepción García Gaínza (historialaria)
  • 2001: Miguel Sánchez-Ostiz (idazlea)
  • 2002: María Bayo (sopranoa)
  • 2003: Juan José Aquerreta Maestu (margolaria)
  • 2004: Fernando Redón (arkitektoa)
  • 2005: Javier Manterola Armisén (ingeniari zibila)
  • 2006: Javier Tejada Palacios (fisikaria)
  • 2007: Pedro Iturralde Ochoa (jazz musikaria)
  • 2008: Alfredo Landa Areta (antzezlea)
  • 2009: Agustín González Acilu (musikari eta musikagilea)
  • 2010: Jürgen Untermann (hizkuntzalari, filologo eta epigrafista)
  • 2011: Faustino Menéndez Pidal de Navascués (heraldista)
  • 2012: Antonio López García (margolaria)
  • 2013: Daniel Innerarity Grau (filosofoa)
  • 2014: Tarsicio de Azcona (historialaria)
  • 2015: Ramón Andrés (idazle eta musikologoa)
  • 2016: Ignacio Aranguren (antzerkigile eta antzerki-zuzendaria)
  • 2017: José Lainez eta Concha Martínez (koreografo eta dantzariak)
Iruñeko Ganbera Abesbatza, 2018ko Vianako Printzea saria
Coral de Cámara de Pamplona, premio Príncipe de Viana 2018.

Zerrendara itzuli