Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Nafarroako orkestra sinfonikoa/Iruñeko ganbera abesbatza. The Messiah (G.F. Haendel) hautapena

Lizarrako Antzinako Musikaren Astea

San Migel eliza - Lizarra

2019ko irailaren 6a, ostirala - 20.15etan
Prezioa: 12.00 €

Obra hilezkorra urtemuga honetarako. Interpretari onenekin eta energiak batuaz partekatutako proiektu honetan. Lehen aldiz entzungo da SMADEn. 

Programa

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Iruñeko Ganbara Abesbatza

Carlos Mena, zuzendaria

Jone Martínez, sopranoa

Diego Blázquez, tenorra 

Víctor Cruz, baritonoa

Carlos Mena, kontratenorra 

Hauen laguntzarekin:

Ereintza Abesbatza 

Aiegiko Donejakue Bidearen Abesbatza

 

G. F. Haendel (1685-1759)

The Messiah (Selección)

NAFARROAKO ORKESTRA SINFONIKOA (NOS)

Pablo Sarasatek sortu zuen 1879an; hala, Espainiar Estatuan jardunean ari den orkestrarik zaharrena da. Nafarroako Gobernuak (batik bat) finantzatzen duen Baluarte Fundazioko kide da gaur egun; era horretara, Foru Erkidegoko orkestra ofiziala da. Ia ehun eta berrogei urtetan, bai bertako eta bai atzerriko auditorio nagusietan, opera denboraldietan eta jaialdietan aritu izan da Pablo Sarasate Orkestra Sinfonikoa. Azpimarratzekoa da sarritan aritu izan dela Parisko Théâtre des Champs Elysées eta Théâtre du Châtelet antzokietan, edota Universal Music zigiluak antolatutako kontzertu-bira egin zuela Europako auditorio garrantzitsuenetan. Ezaguna da Pablo Sarasate biolinista eta konpositorearen lanak jotzeagatik, eta oso kritika ona jaso du nazioartean Tianwa Yang biolin-jotzailearekin Naxos-entzat egindako Sarasateren lan osoaren grabazioak. Bestalde, zigilu horrekin grabaketa-programa bat ere egiten ari da NOS, Antoni Wit zuzendari poloniarraren laguntzaz. Horrez gain, Nafarroako ikus-entzuleei urteroko programa eskaintzen die Iruñean (Baluarte Auditorioan) eta Tuteran (Gaztanbide Antzokian), eta jarduera sozial eta hezitzaile garrantzitsua garatu ohi du Foru Erkidego osoan. Manuel Hernández Silva du Zuzendari Titular eta artistikoa 2018-19 denboraldiaz geroztik.

IRUÑEKO GANBARA ABESBATZA 

1946an sortu zenetik, Iruñeko Ganbara Abesbatza bere garaiko konpositoreei lotuta egon da, eta erabaki horrek garrantzia berezia eman dio bere historia osoan zehar. Zazpi hamarkada hauetako egile bikain ugarik harreman estua izan dute edo daukate taldearekin; hala, musika-ondarearen parte diren lan ugari estreinatu edota hedatu ditu. 

Arrazoi horrengatik eta musikaren abangoardia Nafarroara ekartzen izandako rol garrantzitsuagatik, Vianako Printzea erakundearen Kultura Saria jaso du 2018an, orain arte jasotako saririk berriena. Horren aurretik jaso ditu, besteak beste, Laneko Merituaren Urrezko Domina, Meritu Zibilaren Ordenaren Saria eta Alfontso X.a Jakituna Ordenaren Saria.

Gaur egun, abesbatzak lan handia egiten du maila nazionalean eta nazioartean: Baluarte Auditorioko Zikloak, NOS, Festival des Abbayes, Festival de Musique Baroque du Jura, Festival de la Chaise-Dieu, Donostiako Musika Hamabostaldia, Potsdam-go Musikfestspiele, Vézère-ko Jaialdia, Errenteriako Musikastea, Leongo Nazioarteko Organo Jaialdia… Horrez gain, besteak beste María Bayo, Nuria Rial, Simon Carrington, Mark Padmore, Leonardo García Alarcón edota Manuel Hernández Silva artista bikainekin aritu izan da berriki.

CARLOS MENA

Gasteizen jaioa (1971), Basilea-ko (Suitza) Schola Cantorum Basiliensis eskolan egin zuen formazio akademikoa, Richard Levitt eta René Jacobs irakasleekin. Kontzertu ugari eman ditu kontratenor gisa munduko areto prestigiotsuenetan, hala nola: Madrilgo Teatro Real, Bartzelonako Teatro Liceu, Vienako Konzerthaus eta Musikverein, Amsterdamgo Concertgebouw, Berlingo Staatsoper eta Philarmoniker, Salzburgoko Felsenreitschule eta Grosses Festspielhaus, Londresko Barbican Center, Buenos Aireseko Teatro Colón, New Yorkeko METeko Alice Tully Hall, Washingtongo Kennedy Center, Tokioko Suntory Hall eta Opera City Hall, Osakako Symphony Hall, Sydneyko Opera House eta Melbourneko Concert Hall. Honako zuzendari hauekin aritu izan da, besteak beste: Michel Corboz, Jesús López Cobos, Paul Goodwin, Gustav Leonhardt, Sebastian Weigle, René Jacobs, Fabio Biondi, Ion Marin, Juanjo Mena, Rafael Frübeck de Burgos, Antoni Ros-Marbá, Adrian Leaper, Neville Marriner, Cristoph Coin, Andrea Marcon etab.

Zuzendaritzari dagokionez, Manel Cabero, Pierre Cao, Laszlo Heltay edota Erik Ericsson irakasleekin ikasi zuen, abeslari izateko ikasi aurretik. 

Hala, Lux Orphei ganbara-abesbatzaren sortzaile eta zuzendaria da. Talde horrekin ganbararako errepertorio barrokoaren errezitaldi ugari eskaini ditu Europako hainbat agertokitan. 2009an, Gasteizko katedraleko erdiko nabea berriro ere ireki zutenean, Santa Maria Kapera taldea sortu eta zuzendu zuen, zentzu artistiko eta musikalean. Santa Maria Kapera, beraz, Santa Maria Katedraleko Fundazioaren musika-jarduera nagusi bihurtu da, eta kontzertuak ez ezik, jarduera ugari eskaintzen dituzte elkarrekin: kantu-ikastaroak eta jarduera kulturalak haurren abesbatzarekin, betiere "musika historikoa” deritzona erreferentzia gisa izanik. Hainbat maisuren lanak eskaini ditu Santa Maria Kaperaren zuzendari gisa: Erdi Arokoak (Perotin, Leonin, Machaut), barrokokoak (Haendelen Dixit Dominuseta Resurrezione, Pergolesiren Stabat Mater, Domenico Scarlatti-ren kontzertu instrumentalak, Caldara-ren Maddalena ai piedi di Cristo, Purcell-enFuneral Sentences) edota Errenazimentukoak (Victoria, Morales, Des Prez, Lassus eta abarren lanak). Lan horri esker, ikus-entzuleen eta kritikarien oniritzia jaso du Madrilgo Auditorio Nazionalean, Suitzako Riches Heures de Valére-n, Arabako Antzinako Musikaren Astean etab.

Bestalde, Juan Hidalgoren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ikuskizun eszenikoaren sortzaile eta zuzendari musikala izan zen Carlos Mena (De lo humano y divino: Anatomía de las pasiones). Lana Madrilgo Zarzuela Antzokian eskaini zuen Santa Maria Kaperak, Joan Antón Rechi zuzendari eszeniko gisa zuela, eta kritika espezializatuaren oso harrera ona izan zuen. Horrez gain, abesbatzarekin eta Portugalgo Orkestra Sinfonikoarekin Der Messiaslana (Mozarten bertsioa) aurkeztu zuen Lisboako São Carlo Antzokian, Haendelen Apollo e Dafne lanaren bertsio eszenikoa egin zuen Granada Hiriko Orkestrarekin, eta Haendelen TheMessiah eskaini zuen Asturiasko Printzerriko eta Granada Hiriko orkestrekin eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin.

JONE MARTÍNEZ

Jone Martínez Sopelakoa da (Bizkaia). Bilbon hasi zituen kantu-ikasketak, Olatz Saitua sopranoarekin. Musika-hizkuntzaren Pedagogian lizentzia egin zuen Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioan eta, gaur egun, bertan ari da bukatzen kantu-ikasketak Maite Arruabarrena mezzosopranoa eta Maciej Pikulski irakasleekin. Carlos Menarekin formazioa sakontzen ari da, antzinako musikan espezializatuz.

Abesbatzetako kantu-irakasle aritzearekin batera, berehala hasi zuen bakarlari ibilbidea; hala, Errenazimentu, barroko eta klasizismoko lan ugari eskaini ditu Espainian, Londresen, Cambridgen edota Hong Kongen, besteak beste. Ohiko bakarlaria da Conductus Ensemble taldean eta beste talde espezializatu batzuekin ere aritzen da. TheMessiahlaneko bakarlari papera egin du berriki, Carlos Menaren zuzendaritzapean, Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin. 

VÍCTOR CRUZ

Guadix-en jaio zen (Granada). Interpretazioko (Kantua) Goi Mailako Gradua egin zuen Granadako Victoria Eugenia kontserbatorioan (RCSM, Real Conservatorio Superior de Música), eta Kontserbatorioko Lehen Saria eskuratu zuen María del Mar Donaire-ren gidaritzapean. Carlos Mena, Lluís Vilamajó, Eduardo López Banzo, Martin Schmidt, Siegfried Gohritz eta Christian Von Oldenburg irakasleekin garatu du bere teknika. 

Hainbat taldetako kide da edo izan da, besteak beste: Al Ayre Español, Musica Ficta, Capella Prolationum, Capella Sancta Maria (Amsterdam), Kataluniako Capella Reial, Madrilgo Capilla Real, Espainiako Abesbatza Nazionala, Zartzuela Antzokiko Abesbatza edota RTVEren Abesbatza.

Bakarlari gisa, azpimarratzeko moduko hainbat paper egin ditu: “Orfeo” (Monteverdi), Dido eta Eneas, “Italiarra Aljerren” laneko Taddeo, Apollo eta Dafne, José Lidón-en “Oratorioa Santa Barbarari”, Il Segreto di Susanna, Maese Pedroren Erretaula, Katiuska emakume errusiarra edota Haendelen “The Messiah”, besteak beste.

DIEGO BLÁZQUEZ

Madrilen jaio zen eta El Escorial Monasterioko Eskolanian hasi zituen musika-ikasketak. 2008an, Salamancako Antzinako Musikaren Akademiaren beka bat lortu zuen Richard Levitt eta David Mason irakasleekin ikasteko. Madrilera itzultzean, Escuela Superior de Canto eskolan ikasi zuen Vicente Encabo eta Carmen R. Aragón irakasleekin, eta bertan lortu zuen karrera amaierako AAESCM saria.

Gaur egun, antzinako musikan espezializatutako hainbat talderekin lan egiten du: Axivil, Concerto 1700, La Grande Chapelle, Al Ayre Español, Accademia del piacere, Los Afectos Diversos, La Hispanoflamenca, Capella Ibérica, La Fortuna, Nereydas, Música Ficta eta Colegium Musicum Madrid.

Musika eszenikoan, opera barrokoa landu du batez ere, Monteverdiren LOrfeolanean (Orfeo), Purcell-en Dido eta Eneas-en (Eneas), Haendelen Acis eta Galatea-n (Acis), edota Purcellen Fairy Queenlanean (Sekretua, Udazkena…). Baina konpositore garaikideagoen lanetan ere parte hartu du: Offenbach-en Pomme d’Api lanean, B. Britten-en Noeren uholdea-n, edota Albénizen Pepita Jiménez-en.

Manuel Vilas harpalariaren zuzendaritzapeanSutroeskuizkribuaren zati bat berreskuratzea izan da bere azken proiektuetako bat.

Programari buruzko oharrak

GUZTION ETA BAKOITZAREN MESIAS 

1738 aldera, Lerín José Velaz arkitektoa gaur gure aterpe den elizako erretaula nagusia diseinatzen hasi zen. Zuzenketa ugari egin eta gero, Rafael de Logroño iruindarrak 1745 aldera amaitu zuen urrezko zatia (Nafarroako Monumentuen Katalogoa). Data horien inguruan, 1742an, Mesias lana aurkeztu zen Dublinen. Ongintzazko kontzertua izan zen eta, ahalik eta jende gehien sartu ahal izateko, emakumeei eskatu zieten egurrezko egitura zuen gonarik (merinake huts horiek) ez eramateko. Erabateko arrakasta izan zuen: zazpiehun pertsona joan ziren eta laurehun libra bildu zituzten. Baina, batez ere, arrakasta musikala izan zen. Behin bere lagun Gluck-i gutun batean proposatutako formula egokia izan zen azkenean Haendelentzat: “efektu irmoak bilatu behar dira, zuzenean tinpanoetan eragiten dutenak”. Hain zuzen ere, horrelakoa da Haendelen musika: erraz hauteman daitekeen melodia –nahiz eta kontrapuntu nahasia duen ahotsetan eta orkestran–; erritmo tematia eta denboran ondo antolatua; gai garrantzitsuak errepikatzea; eta narrazio biziki argia izatea, dramaturgia italiarra ondo barneratu baitzuen. Haendelen arte barrokoak barnebildu egiten ditu, erdi bana, erlijiozkoa eta profanoa, oratorioa eta eszena, konposaketa sinfoniko-korala eta abesti soila. Halle-n jaio zen, Saxonian, 1685ean; prusiarra izan zen, hortaz. Hamazortzi urterekin Hanburgora joan zen eta bertan hasi zuen bizimodu miresgarri hura: organo-jotzaile, konpositore, opera-lanen enpresari… Porrot ekonomikoa ere ezagutu zuen, baina ez zuen amore eman ez kontuen, ez etsaien aurrean (Pórpora, Hasse…). Ia Londres osoari egin zion aurre, han ez baitzuten ulertzen bere oratorioen dramaturgia –ordurako Biblia erabiltzen zuen libretotzat–. Beraz, Dublinera joan zen. Hiri horretan asko estimatu zuten eta zenbait kontzertu eskaini zizkioten zuzendari gisa lan egiteko. Esker onez, lan berria eskaini zien: Mesias, ezinbesteko lana bilakatu zena musikalki eta ekonomikoki arrakasta lortu nahi bazen, estreinaldiaren egunean bezalaxe.

Normalean Eguberri garaiarekin lotzen den arren, Mesias lanak Kristoren bizitzaren narrazio biblikoa egiten du, Haendelen laguna zen Charles Jennes-en testuekin (Isaias, Malakias, Zakarias, Salmo, Erosta eta Ebanjelarien testuetan oinarrituta). 

Bertsio mota guztiak onartzen dituzten lan horietako bat da Mesias: bertsio historizistak, erromantikoak etab. Gurean, denona den Mesias izango dugu –izaera parte-hartzailea baitu–, baita bakoitzaren Mesias ere –zuzendaria historizismoan murgildutako kontratenorra baita. Denok eta gutako bakoitzak bertsio bat daukagu: adibidez, M. Abrabanel-en bertsio mormoi eta jendetsua, edota ensemble barrokoen ganbara-bertsioak. Eta, egia esateko, bertsio guztiek eragin digute zirrara.

Ez dugu hemen egingo gaur egun eskaintzen diren bertsioen berrogeitik gorako zerrenda. Lan osoari erreparatu behar diogu: koru liluragarriak, errezitatibo bikainak, arien sakontasun eta zorroztasuna. Jaiotza, Pasioa eta Berpizkundea dira lanaren hiru zatiak; eta Salbazioaren misterioa, heriotzarekiko garaipenarekin –“tronpetak jotzen duenean ezin ustelduzko gorputzak”– (baxuaren azken aria). Amaitzeko, esker oneko Amen handia. Hala, Antonio Colinas olerkari bikainarekin batera, zera galdetzen dugu: Ba al dakizue non hiltzen ziren Haendelen ariak? (Desiertos de la Luz,Tusquets). Bada, Lizarran gaudenez gero (eta monumentuz jositako hiribildu honetara, lehenik eta behin, hori mirestera etortzen gara), esango dugu musika hori guztia hemen geldituko dela. Izan ere, Haendelen narrazioa hemen zizelkatu edo margotuta zegoen dagoeneko, elizatearen ezkerraldeko kapiteletan: alde batetik, Jaiotza daukagu (koroaren For unto us), bestetik, artzainen iragarpena (sopranoaren There were) eta, horrez gain, hiru Marien eta bi aingeruen eskultura bikainak ditugu, eta hilobi hutsa, non kasik lurrinetan antzeman baitezakegu betiereko Aleluya. Pasioaren eszena ere badaukagu, Santa Elenaren erretaula gotikoko bankuaren taulen gainean (Behold the Lamb; He was despised…). Edota tronpeta apokaliptikoa, erretaula nagusiko aingeru-irudietan finkatua. Guztia da bikaina Mesias lanean: abesbatzaren kanon aldakorra, “uztarri atsegina du” kantatuz zama arintzen duena; Rejoicesaltokaria; laudorioa; bakearen mezulari ederra… Eta bukaeran Amenabesteko osaera sinfoniko-koral aparta. Dorretik ikuspegi panoramikoa izango bagenu bezala. Lan osoaren sintesia.

Javier Monreal

Bilatzailea