Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Arma isilak gerra lasaietarako

Oteiza Museoak - Alzuza

2018/06/01 - 2018/09/30

Oteiza Museoak berreskuratu egin du Interpretazioak programa, Imanol Marrodan artistak Altzutzako zentroan egin duen “Arma isilak gerra lasaietarako” erakusketa-proiektuarekin.

Oteizaren obrarekiko topaketa-gune bat sortu nahi duen programako hamargarren interbentzioa da jada. Programa bera museoko bigarren solairuan garatzen da, erakusketa iraunkorrarekiko solasean, eta Oteiza Museoak Eguesibarko Udalarekiko elkarlanean produzitu erakusketa-proiektu hau ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean garatuko da.

Arma isilak gerra lasaietarako proiektu artistikoak 1979ko dokumentu sekretu batetik hartzen du titulua; Bilderberg taldearekin lotzen den dokumentu horretan, itxura batean apenas antzematen diren estrategien bitartez gizarte kontrolerako zenbait tresna abian jartzeko aukera aztertzen zen. Abiapuntu hori erreferentzia harturik, autoreak, bere proiektuarekin, planteatzen du “gaur egungo sorkuntzaren erabilerak, erabilgarritasunak eta aplikazio praktikoak aktibatzea, horiek komunitate sozial, politiko eta ekonomikoen etorkizuna egituratzeko funtsezko elementu eragileetakoak baitira, eta komunitate horietako aldaketa eta eboluzioak determinatzen baitituzte”.

Horretarako, 2011 eta 2018 bitartean egindako egikera desberdineko 7 obra aurkezten ditu; horien artean, batetik 4 eskultura-objektu daude, artefaktu deituak alegia, elementu teknologiko industrialak elementu organikoekin konbinatzearen emaitza direnak.

Multzoa osatzeko, Proiektu pertsonala izeneko diagrama handi bat, proiektua egituratzen duten gogoeta eta konexioei testuingurua emateko, Revelar y Rebelar interbentzioarekin batera. Azkenik, Elurra Anbotoko tontorrean obra jasotzen da. Denbora guztian zehar izozkailu batean ikusgai egongo den obra horrek “muturrera eramaten du espazioaren desokupazioari buruzko ideia, hain zuzen ere Jorge Oteizak hori ulertu zuen moduan”.

“Interpretazioak” zikloko interbentzio hau Pedro Salaberri, Jose Miguel Corral, Iratxe Montero, David Rodriguez Caballero, Jose Ignacio Agorreta, Koldo Sebastian, Manu Muniategiandikoetxea, Florencio Alonso eta Pedro Oses artistek eginen ondotik iritsi da.

Imanol Marrodan (Bilbo, 1964). Diziplinarteko sortzaile eta ikertzailea; bere lanean, eta besteak beste, jarduera kritikoa jorratzen du gaur egungo artearekin eta pentsamenduarekin lotutako ekitaldien bitartez, bere sorkuntza proiektu pertsonalaren partetzat. Marrodanen lana zenbait herrialdetan eta gaur egungo artearen zenbait feriatan egon da ikusgai, eta bera da AIR: Arte Independiente Revelador “Revealing Independent Art” kultur plataformaren/ingurunearen sortzailea. Erakusketak egin dituen herrialdeen artean Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Portugal, Belgika, Korea, Argentina, Txile, Suitza eta Estatu Batuak daude. Eta zenbait museo eta erakunde publikotako bildumetan du obra, espazio publikoan zertutako beste zenbait interbentzio eta eskultura iraunkor zein galkorrekin batera. 

Bilatzailea