es | eu

Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

IKIMILIKILIKLIK. JA Artzeren unibertsoa

Jorge Oteiza Fundazio Museoa

2018/02/09 - 2018/03/18

Oteiza Museoak  IKIMILIKILIKLIK. JA Artzeren unibertsoa  proiektua hartuko du. Ikus-entzunezko erakusketak autorearen obraren estetika berritzaile eta berezia birsortzen du, haren irudi-, musika- eta soinu-munduan murgilduta.

Euskarabidearekiko elkarlanean Oteiza Museoan otsailaren 9tik martxoaren 18ra arte egongo den proiektu honek “ikimilikiliklik bidekidekaria” ikuskizunetik hartzen du izena, hots, Joxean Artze, Mikel Laboa eta Jexux Artzek 70eko urteetan garatutako esperientzia artistikotik. Hura ikuskizun multimedia bat zen, musika, poesia eta irudia biltzen zituen, garai hartan sekulako astinaldia eragin zuen kultur giroan, eta Euskal Herrian, Madrilen, Parisen eta Veneziako Bienalean ikusi ahal izan zen.

IKIMILIKILIKLIK JA Artzeren poesia-lanean zeharreko bidaia da, 70eko urteetatik abiatu eta gaur arte iristeko. Artze oso ezaguna da Mikel Laboaren zenbait kantu ikonikoren letren egilea delako, esaterako  Txoria txori,  Gure bazterrak edo  Zaude lasai kantuena, baina artearen zenbait esparrutan jorratutako obra abangoardiako eta berritzaile baten egilea ere bada; obra horrek erreferentziazko izen handiekin lotzen du, esate baterako Laurie Anderson edo John Cagerekin.

Ikus-entzunezko erakusketa hau Morgancrea-ren, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedraren eta San Telmo Museoaren produkzioa da. Alberto Lizarralde eta Carlos Rodriguez ditu komisario, eta besteak beste Donostia, Bilbo, Arantzazu, Washington, Biarritz eta Gasteizen ikusgai egon ondoren Oteiza Museora iritsi da.

Joxean Artze  (Usurbil,  1939 – 2018) ​ poeta, idazlea eta musikaria izan zen. Euskal literatura eta kulturaren figura nagusietakoa, 1966an Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera euskarazko kantua berritu zuen Ez Dok Amairu taldea sortu zuen. Artzek poesia-lan zabala du egina, eta dozena inguru liburu argitaratuta. Musikari gisa egin lanak diskografia oparoa eman du, eta eginkizun horretan musika tradizionalaren eta txalapartaren interpretazioaren berritzaile gisa egina nabarmentzen da.