Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea
Nafarroako Gobernua

Txiplin musikariak bere Euskofoniak proiektua aurkeztuko du Oteiza Museoan

Jorge Oteiza Fundazio Museoa - Alzuza

2017ko ekainaren 3a, larunbata - 12.00etan

Herri lengoaiak gitarratik berrikustea eta berrinterpretatzea da Txiplin musikariak Oteiza Museoan aurkeztuko duen “Euskofoniak” proiektuaren egitura. Aurkezpen horretan kontzertu berezia izango da, datorren ekainaren 3an, larunbata (12etan), Altzuzako espazioko areto nagusian (sarrera doan).

Euskal dantza tradizionalak oinarri harturik, Euskofoniak-ek kultur herentzia horren sorkuntzazko interpretazioa proposatzen du, kontzertuan Txiplinen gitarraren eta Iñaki Leroren perkusioaren arteko musika-solasaldia ezarriko duen musika-gogoetarako prozesuan. Proiektuak denboran zeharreko ibilaldi bat garatzen du, eta gaur egungotik herri lengoaiara zuzendutako begirada bat ere bai, herri legatua berreskuratzeko ahalegin batean, hain zuzen ere hori abiapuntu harturik musika-lengoaia desberdinetatik esperimentatu ahal izatearren.

Oteiza Museoko kontzertuan joko diren gitarrarako sorkuntzazko interpretazio horien errepertorioaren barnean Luzaideko bolanteen jauzi tradizionalen bariazio batzuk daude. Horietako batzuk ezagunak dira erromeria eta herri festetan agertu direlako, esaterako “Zazpi jauziak” edo “Lehenbiziko bolant iantza”; beste batzuk, berriz, ez dira hain sarrikoak, Miguel Angel Sagaseta historialariak bere “Luzaideko dantzak” obran jaso zituen “Hegi” edo “Muxikoak” kasu. Tartean dago, halaber, Resurreccion Maria Azkuek bere euskal kantutegian jaso zuen “Banakoa” ezpata dantza ere.

Artista honek proposatzen duen sustraiko musikan sakontze hori “Eztasoinu” lanaren gitarrarako moldaketatik igarotzen da; pieza hori “joia” bat da, Baztango kantu tradizional bat alegia, inguru hartako ezkontzetan jotzen zutena, baina oraingo bertsio bereziak “kontuan hartzen ditu Aita Donostiak eta Oteizak euskal arimaren arnasari buruz idatzi testuak”, diosku musikariak.

Baztani buruzko erreferentziek segitzen dute Kirikoketa Bestan, hots, Arizkungo XVIII. mendeko Gamioxarreako Dolaretxean sagardoa prestatzeko erritoa gogorazten duen festan, jotzen duten melodia baten berrikuspenarekin; horretatik, “S.a.g.a.r.r.a.” izeneko konposizio propioa etorri da.

Era tradizionalean txistuz jotzen diren kantu horiez gain, proiektu honek trikitixari lotutako arin-arin bat eta fandango bat jasotzen ditu, “Ipurdiaren arin arin” eta “Fun dantz go (fandangoa)” izenekoak hain justu.

Txiplinek bi disko egin ditu bakarka, “KokeGoxo” eta kontzertu honetan aurkeztuko den “Euskofoniak”, eta 2006ko urteaz geroztik irakaslea da Burlatako “Sol sostenido” musika eskolan. Gainera estudioko musikaria da, eta zenbait grabaziotan hartu du parte, esaterako Rhianon Miprano, Alana Sweetwater, Jason Kipe, Danielle Lowe eta Paxkal Etxeparerekin, besteak beste. www.txiplin.com.

Bilatzailea